..4.- Interneteko zerbitzuak..

4.1.- Interneteko zerbitzuak

Internet Feria egunetako herriko azokaren antzekoa da. Azokan postuak atalen arabera antolatzen dira: fruta, barazkiak, haragia eta abar. Interneten ere atalen araberako antolamendua dago, atal hauei zerbitzu deitzen diegu, atal hauek gauza desberdinak egiteko aukera eskaintzen dute-eta. Hortaz, Argentinan dugun ilobarekin hitz egiteko Interneten konektatzen garenean IRC (Chat) atalera joko dugu, hau da, IRC zerbitzura; gure hiriko futbol-taldeari buruzko zerbait jakin nahi badugu, berriz, WWWaren atalera joko dugu eta bertan bilatuko dugu nahi dugun informazioa.

Internetek zerbitzuak eskaintzen dizkie nabigatzaileei. Zerbitzu hauek Internet garatu ahala sortu dira, betiere internauten beharrak estaltzekotan. Internetek eskaintzen dituen zerbitzuen katalogoa ez da finkoa, zerbitzu batzuek garrantzia galdu duten bitartean, beste batzuk nagusitu dira. Gaur egun hiru zerbitzu nagusitzen dira: Chat-a, posta elektronikoa eta WWWa. Gainerako zerbitzuek garrantzia galdu dute edo beste batzuek ordezkatu dituzte.

Internetek eskaintzen digunaren ikuspegi orokorra izateko Interneten zerbitzu nagusiak ezagutuko ditugu eta, horrela, Internetekin egin dezakegunari buruzko nozio tekniko batzuk aditzera emango ditugu.

4.2.- World Wide Web

Zer da?

WWWa (W3 edo Web) Interneteko zerbitzu nagusia da. Posta elektronikoarekin batera Interneteko erabiltzaileek gehien erabiltzen duten zerbitzua da. Interneten eskura dagoen informazioa lortu ahal izateko ingurune sinplea eskaintzen die WWWak erabiltzaileei. WWWari esker erabiltzaileek sagua eta teklatua soilik erabilita araka dezakete eta behar duten informazioa lor dezakete Interneten, eta hori guztia Interneten funtzionamenduari buruzko ezagutza teknikorik izan gabe.

Nola sartzen da bertan?

Web-ean sartzeko modua nabigatzailea da. Nabigatzaileek WWWaren bitartez jasotzen dituzten datuak interpretatzen dituzte eta pantailan Web-orrien bereizgarri diren koloreak, animazioa eta elkarrekintza azaltzen dute.

Zertarako erabiltzen da?

WWWa erabiltzaileak lortu nahi duen informazioa eskuratzeko erabiltzen da.


4.3.- Internet Relay Chat

Zer da?

Internet Relay Chat-a (IRC edo Chat) Internet bidezko komunikazio-modu bereizgarrietako bat da. Chat-a Interneten gehien erabiltzen den zerbitzuetako bat da eta, beraz, Interneten arrakastaren zutabeetako bat da. Chat-ak zuzeneko komunikazioa eskaintzen die erabiltzaileei, urrutiko elkarrizketa denbora errealean garatzeko aukera ematen baitu. Jatorrian Chat bidezko elkarrizketak idatziak ziren soilik, gaur egun, ordea, mintzatutako chat-ak oso arruntak dira. Chat-aren alderdirik bereizgarrienetako bat komunikazio pribatua edo anitza izateko aukeran datza, hau da, beste erabiltzaile bakar batekin soilik edo zenbait erabiltzailerekin batera komunika zaitezke.

Nola sartzen da bertan?

Chat batean sartzeko Chat-programa bereziak daude, MIRC esate baterako; nolanahi ere, Web-nabigatzailearen bidez ere sar zaitezke Chat-zerbitzura. Mintzatutako Chat-erako mikrofono bat eta ahotsa transmitituko duten bozgorailuak behar dira.

Zertarako erabiltzen da?

Chat-a beste pertsonekin komunikatzeko erabiltzen da. Oso urrun dagoen pertsona batekin komunikatzeko izaten da bereziki erabilgarri; izan ere, urrunerako telefono-dei bat baino askoz ere merkeagoa da.

 

4.4.- FTP

Zer da?

FTPa (Fitxategien Transferentziarako Protokoloa) Interneterako garatu zen lehen zerbitzuetako bat izan zen. Zerbitzu honek moto orotako fitxategiak urrutitik trukatzeko aukera eskaintzen du. Zerbitzu honek oso bilakaera txikia izan du 1985. urtean guztiz garatu zenez geroztik.

Nola sartzen da bertan?

FTP zerbitzuan sartzeko hainbat programa berezi daude, hala nola Nico FTP. Dena den, Web-nabigatzaileen azken bertsioek fitxategiak FTP bidez deskargatzeko eta kargatzeko zerbitzura sartzeko aukera gaineratzen dute.

Zertarako erabiltzen da?

FTPa urrutiko ordenadore batetik fitxategiak lortu ahal izateko erabiltzen da. FTPan bi oinarrizko ekintza daude: fitxategiak kargatzea eta deskargatzea. Fitxategiak kargatzea erabiltzaileak bere ordenadoretik urrutiko beste ordenadore batera (normalean zerbitzari batera) bidaltzeko prozesua da. Deskargatzea, berriz, aurkako prozesua da, hau da, erabiltzaileak urrutiko ordenadoretik fitxategi bat hartzea eta bere ordenadorera jaistea. Bi motatako FTPak daude: pribatua eta anonimoa. FTP pribatuan erabiltzaile izena eta pasahitza behar da fitxategiak kargatzeko eta deskargatzeko. FTP anonimoan, aitzitik, kargatzeko eta deskargatzeko prozesua librea da. Zenbait zerbitzarik FTP mistoa erabiltzen dute, deskarga anonimoa izateko aukera ematen badute ere, karga pribatua da.

 

4.5.- Telnet

Zer da?

Telnet beste ordenadore batekin konektatzeko (oso urrun badago ere) eta bertan urrutitik lan egiteko aukera ematen duen Interneteko zerbitzua da. Telnet zerbitzuaren bidez eta bidezko baimenak izanik, urrutiko ordenadore batekin konekta gaitezke eta ordenadore hori dagoen leku fisikoan egongo bagina bezala lan egin dezakegu ordenadore horretan. Honela, gure ordenadorean tekla bat sakatzen dugunean urrutiko ordenadoreak tekla hori ordenadore horretan bertan sakatu izan bagenu bezala jasotzen du agindua.

Nola sartzen da bertan?

Telnet zerbitzuan sartzeko beste ordenadore batzuekin Telnet saioak irekitzeko aukera ematen duten berariazko programak daude. Sistema eragilerik arruntenek, Windows edo Linux esate baterako, Telnet saioak zabaltzeko utilitateak dituzte.

Zertarako erabiltzen da?

Telnet-ek urrutiko ordenadore batean lan egiteko aukera ematen digu, honela, esate baterako, etxetik bulegoko ordenadorearekin konekta gaitezke eta bulegoan egiten dugun lan guztia egin ahal izango dugu bertan egon beharrik gabe.

 

4.6.- Bideokonferentzia

Zer da?

Bideokonferentzia Interneten zerbitzurik berrienetako bat da. Komunikazio-lineen eta zerbitzarien hobekuntzaren ondorioz eta, orokorrean, aurrerapen teknologikoen ondorioz posible izan da Internet bidezko urrutiko ikus-komunikazioa. Bideokonferentzia irudia eta soinua biltzen dituen eta denbora errealean gauzatzen den komunikazio-sistema bat da. Bideokonferentziak, era berean, fitxategiak trukatzeko, programak partekatzeko eta programa hauen bidez beste erabiltzaileekin elkarreragiteko aukera ematen du.

Nola sartzen da bertan?

Bideokonferentzia-zerbitzuan sartzeko ezinbestekoak izango zaizkigu konexioa egiteko aukera emango digun berariazko softwarea eta irudiak eta soinua transmitituko dituen bideo kamara. Bideokonferentziak Interneteko gainerako zerbitzuek baino baldintza tekniko konplexuagoak behar ditu; alabaina, gaur egun batezbesteko edozein ordenadorek bideokonferentzia egiteko beharrezko guztia du.

Zertarako erabiltzen da?

Bideokonferentzia irudia eta soinua izango dituen eta denbora errealean egingo den komunikaziorako erabiltzen da. Bideokonferentzia erabiltzaileek joan-etorririk egin gabe bilerak egiteko erabiltzen da.


4.7.- Posta elektronikoa

Zer da?

Posta elektronikoa (e-mail) nabigatzaileek gehien erabiltzen duten Interneteko zerbitzuetako bat da. Izatez, posta elektronikoa garrantzi handikoa izan da Internet hedatzeko, posta elektronikoaren erabilera oso sinplea eta onura handikoa baita. Posta elektronikoa erabiltzaile desberdinen artean mezuak ia bat-batean trukatzea da, erabiltzaileen arteko distantziak inolako eraginik izan gabe.

Nola sartzen da bertan?

Posta elektronikoa erabili ahal izateko postarako programa bereziak daude, baina nabigatzailearen bidez –Web-postaren bidez– ere erabil daiteke zerbitzu hau. Posta elektronikoa erabili ahal izateko posta-helbide bat behar da eta bertatik bidali eta bertan jaso ahal izango dira mezuak.

Zertarako erabiltzen da?

Posta elektronikoaren erabilera erraz imajina dezakegu ohiko posta-zerbitzuarekin alderatzen badugu; izan ere, beste pertsonekin idatzizko harremana mantentzeko aukera ematen digu posta elektronikoak, ohiko postaren moduan. Haatik, posta elektronikoak ohiko postak ez dituen alde onak ditu, azkarragoa da, sinpleagoa da eta merkeagoa da (aurrerago ikusiko dugun moduan).

 

4.8.- Berri-taldeak

Zer dira?

Berri-taldeak informazioa trukatzeko zabalik dauden foroak dira. Berri-taldeak edo “news” Internetek eskaini zuen eztabaida irekiko lehen zerbitzuetako bat izan zen. Eztabaida-foroak gaien arabera antolatzen dira eta posta-kontu bat duen edozein erabiltzaile harpide daiteke bere intereseko berri-talde batean. Foro hauetan edozein erabiltzailek bidal dezake mezu bat eta mezu hori taldeko erabiltzaile guztiek jasoko dute. Horrenbestez, foroko edozein kideren erantzuna jaso ahal izango du.

Nola sartzen da bertan?

Berri-taldeetan sartu ahal izateko posta elektronikoko kontu bat eta berri-irakurlea eduki behar da eta, jakina, berri-talde batean harpidetu behar da. Posta elektronikoko programa gehienek Outlook Express-ek esate baterako, berri-irakurleak dituzte.

Zertarako erabiltzen dira?

Berri-taldeak gai jakin batzuen inguruan eztabaidak sortzeko, arlo jakin bateko informazioa lortzeko eta antzeko interesak dituzten beste erabiltzaile batzuekin harremanetan jartzeko erabiltzen dira.


4.9.- Posta-zerrendak

Zer dira?

Posta-zerrendak berri-taldeen antzekoak dira baina sarrera mugatua dute. Posta-zerrenda gehienetara sartzea librea da, nahikoa da sarrera eskatzea eta zerrendan sartzea. Zerrendak administrari bat du eta honek sarrerak kontrolatu eta argitaratzen diren mezuak zerrendaren gaiari lotzen zaizkiola zaintzen du. Berri-taldeen kasuan bezalaxe, posta-zerrendetan ere erabiltzaile batek bidaltzen dituen mezuak zerrendako kide guztiek jasotzen dituzte, baita ematen diren erantzun guztiak ere.

Nola sartzen da bertan?

Posta-zerrenda batean sartzeko posta elektronikoko kontua eduki behar da, posta-zerrenda batean harpidetu behar da eta mezuak bidaltzeko eta jasotzeko posta elektronikoko programa bat izan behar da.

Zertarako erabiltzen dira?

Posta-zerrendek berri-taldeen helburu bera dute; alabaina, kasu honetan sarrera mugatuta dagoenez eta zerrenda-administrari bat dagoenez gero, argitaratzen diren edukien gaineko kontrol handiagoa dago.