2- Zer da Internet? ...............

2.1.- Interneten definizioa

Sarreran ikusi dugun moduan Internet, batik bat, informazioa da. Dena den, informazio horrek berezko ezaugarriak ditu. Ildo honetan, Internet komunikazio-zerbitzuak erabiltzen eta eskaintzen dituen informazio-sistema osoa eta erlazionatua dela esaten dugu. Nolanahi ere, eskaintzen duen informazioa baino gehiago da Internet, informazio horrek zirkulatzeko behar duen euskarria eta informazio hori lortzeko euskarria da Internet, baita hau guztia ahalbidetzen duen komunikazio-teknologia ere.

Horrenbestez, Interneti buruz hitz egiten dugunean hiru alderdi bereiz ditzakegu:

·        Informazioa: Internetek gure eskura jartzen duen edukia.

·        Euskarria: informazioa eskuratzeko aukera ematen duen edukitzailea.

·        Teknologia: informazioa transmititzeko prozesua gauzatzeko modu zehatzak.

Informazioari dagokionez, argi eta garbi izan behar dugu Interneten zirkulatzen duen guztia hartzen dugula informaziotzat (testu bat, abesti bat edo marrazki-sekuentzia bat esate baterako). Interneten edozein gairi buruzko informazioa lor dezakegu, zorionez edo zoritxarrez.

Interneten informazioa antolatuta dago eta, garrantzitsuagoa dena, erlazionatuta dago. Interneten informazio jakin bat eskuratzerakoan informazio gehiago aurkitzeko aukera eskuratzen ari gara, informazio batek beste informazio batera eramango baikaitu naturaltasunez, nolabait esateko.

Euskarriari dagokionez, Internet sare handi bat dela edo, zehatzago esanda, sareen sare bat dela nabarmendu behar da. Interneten bi oinarrizko elementu daude: informazioa biltegiratzen eta zerbitzatzen duten zerbitzariak eta informazio hau eskuratzen duten norbanakoen ekipoak. Elementu hauek ez dira beren artean independente, lotuta daude eta sarea osatzen dute. Interneteko oinarrizko sarea zerbitzariek osatzen dute eta norbanako ekipo bat Interneten konektatzen den bakoitzean sare horren parte bihurtzen da.

Oihalezko sare batekin alderatuz gero, zerbitzariak eta ekipoak sarearen korapiloak izango lirateke eta korapiloak elkarren artean lotzen dituen oihala komunikazio-teknologia izango litzateke.

Internet sareen sare dela esan ohi dugu; izan ere, ez dago sare bakar bat, beren artean konektatuta dauden milaka sare txiki daude eta guztien artean osatzen dute Sarea: Internet.

Alderdirik ulergaitzena, segur aski, sarearen korapilo desberdinek komunikatzeko erabiltzen duten komunikazio-teknologia izango da. Internetek komunikatzeko bere moduak sortu ditu. Guk komunikatzeko hizkuntza zehatzak erabiltzen ditugun moduan, zerbitzariek eta ekipoek beren berezko hizkuntza dute komunikatzeko: protokolo deitzen zaie. Sareko elementuak nola komunikatzen diren ulertzeko modurik grafikoena gure etxeetako telefonoa kontuan hartzea da. Interneteko hizkuntza –protokoloak– telefono-lineetatik transmititzen da, lagun batekin telefonoz hitz egiten dugunean gure ahotsak entzungailu batetik bestera zirkulatzen duen moduan transmititzen da. Telefono-lineaz gain, transmititzeko beste modu batzuk ere badaude, baina beren funtzionamendua antzekoa da.