Gazteen %1ek aldi psikotikoak jasan ditzake

Nafarroako Unibertsitate Klinikak programa bat abiarazi du, lehen aldiz sintoma psikotikoak izan dituzten 7tik 17 urtera bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta. Programaren helburua da gaixotasun honi buruz gehiago jakin eta, ondorioz, goiz antzeman eta tratatzeko metodo eraginkor bat aurkitzea. Nafarroan 90.000 inguru dira 18 urtetik beherako gazteak, eta horietako %1ek baino gutxiagok jasan ditzake aldi psikotikoak.

Gurasoengandik banandutako bostehun adingabe harrera-familiekin bizi dira EAEn

Arrazoi desberdinengatik (alkoholismoa, drogamenpetasuna, gaixotasun mentalak, abandonuak) beren familiarengandik bananduak izan diren bostehun adingabe harrera-familiekin bizi dira EAEn. Beste hainbeste norbaitek aukera bat emateko zain daude egoitza eta pisu desberdinetan. Adingabeen nahiz harrera-gurasoen ustez, harrera bi alderdiak gogobetetzen dituen irudi bat da. Harrerak zaintza, arreta eta heziketa ekartzen dizkie adingabeei. Erakundeak, kasu honetan EAEko hiru aldundiak, beren ardurapean hartzen dituzte eta egoitza eta pisuetan banatzen dituzte tutoreen zaintzapean, edo kasurik onenean, familiatan, guraso biologikoak haietaz arduratzeko gai izan arte. Gainera, adingabeek beren guraso biologikoekin harremanetan jarraitzen dute.

Klik eta Klik emakumeen berdintasunaren erronkari buruz eztabaidatu zen

Gipuzkoako Aldundiaren Gazteria eta Komunitate Ekintzarako Zuzendaritzak sustatutako Klik eta Klik lehiaketan, 12tik 15 urtera bitarteko Gipuzkoako 500 ikasleren parte-hartzea duenak, emakumeen berdintasunaren erronkari buruz eztabaidatu zen. Emakundeko zuzendari Txaro Arteaga izan zen urtarrilean elkarrizketatutako pertsonaia. Zuzeneko irudiak ere bazituen hizketaldi digital baten bidez, ikasleek 200 galdera baino gehiago bidali zizkioten sexu-berdintasunarekin loturiko gaiari buruz.

EHUko ikasleentzat egoitza berria zabalduko da


EHUko ikasleen beste egoitza bat zabalduko dute Bizkaian, Bilbo Zaharrean. Hurrengo ikasturterako egongo da martxan eta 216 ikaslerentzako lekua izango du. Eraikinak sei solairu izango ditu. Batentzako 196 gela, birentzako 10 eta ezinduentzako 5 gela egokituko dira. Gimnasioa, kafetegia eta ikasteko gelak ere izango ditu

Gazte informazioko aldizkari elektroniko berria


Web orri horretan, gazte informazioa hobeto zabaltzeko bide berri bat sortu du, Gazte Informazioko Bulego batzuekin elkarlanean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zerbitzuak. Gazteentzat sortutako aldizkari elektronikoa jarri da Gazteria Zerbitzuaren web orrian, albiste eta dokumenturik interesgarrienak astero bertara biltzeko asmoarekin. Buletinean gazte informazio orokorra jasoko da, baina baita herri bakoitzeko Gazte Informaziorako Bulegoak emandakoa ere, herri bakoitzeko albiste interesgarrienekin.

550 gazte EBren laguntza humanitarioa aztertzen


Iazko urtarrilaren 20an, Europar Batasuneko 15 estatu kideetako 16-18 urteko 550 gazte Europako Legebiltzarrera joan ziren, EBk ematen duen laguntza humanitarioaren zenbait alderdiri buruzko konferentzian parte hartzera. Laguntza horri buruz jendeak duen informazio faltari aurre egitea proposatu zuten gazteek, eta zeregin horretan komunikabideek egin dezaketen lana azpimarratu zuten. Azkenik, gorabehera horiek guztiak eskoletako programetan sartzea eskatu zuten.

Ikastaroa drogamenpekotasunen prebentzioko gazte bitartekarientzat

Askagintzak antolatuta, ikastaro horretan, batetik, prebentzio programak diseinatzeko oinarriak zehaztuko dira eta, bestetik, gazteen eta komunitateen arloetan izandako prebentziozko esperientziak trukatuko dira. Ikastaroa 36 ordukoa izango da Bilbon. Egunak: otsaila 21 eta 28, eta martxoak 6, 13 eta 27. Izena emateko azken eguna: otsailak 13. Argibide gehiago: Tel. 94 4166992 eta 94 4163346 bizkaia@askagintza.euskalnet.net