Gibraltar itsasartean eta kanariar kostaldean zehazki zenbat etorkin hil diren inoiz jakingo ez dugun arren, Andaluzian eta Kanarietan lan egiten duten elkarteek egiaztatutako datuak izugarriak dira:

1997............................149 hildako edo desagertutako

1998............................189 hildako edo desagertutako

1999.............................66 hildako edo desagertutako

2000............................230 hildako edo desagertutako

2001.............................88 hildako edo desagertutako

2002............................152 hildako edo desagertutako

2003............................205 hildako edo desagertutako (urtarriletik azaroaren erdialdera arte)

Heriotza horiek tristura, amorrua eta haserrea eragiten dizkigute. Tristura, ehunka hildako horiengatik; ia inoiz ez dugu jakiten zein diren, baina euren senitartekoak eta lagunak dituzte, beraien zain eta sufritzen.

Amorrua eta haserrea, heriotza horien arduradun nagusiei, gizaki orok lekualdatzeko duen eskubidea ukatzen duen sistema bat eratzen dutenei, ez zaielako inolako kezkarik nabari.

Amorrua eta haserrea, arduradun nagusi horiei, Espainiako Gobernuari eta Europar Batasuneko gainerako Gobernuei,  bururatzen zaien erantzun bakarra mugetako kontrola areagotzea eta etorkinak kanporatzeko aukerak ugaritzea delako.  

Amorrua eta haserrea, afrikar guztiak zentzuzko bisa-politika batetik kanpo utzi dituztelako, hauei, gehienek lortu ezin  duten agiri bat eskatuz eta, honela, milaka lagun oso baldintza txarretan bidaiatzera behartuz. Ala horrela beren gogoz bidaiatzen dutela uste dugu? Euren bizitza eta luzatutako egonaldi irregularra arriskatuko al lituzkete bada  benetan emigratzeko arrazoi sendoak izango ez balituzte?

Amorrua eta haserrea, ezbehar-drama  honen iturburura jo beharrean – bertan ikusiko lituzkete euren buruak islatuta, aktore zitalak balira bezala – gure begiratua beste protagonista batzuengana – emigratzaileak pasatzen dituztenak, garraio-sareak – zuzendu nahi digutelako. Nahiz eta azken hauek ere gertakari horietan parte hartzen duten eta behartsuenen premiez baliatuz euren negozioa egiten duten, ez dezagun ahaztu gertatzen ari dena, lehenik eta behin, inmigrazio-politika murriztaile bat ezartzearen ondorioa dela.

Espainiar estatuak eta Europar Batasuneko gainerako estatuek gauzatzen duten politikak, Afrikari mugak ixten dizkionak, eragiten du ezkutuko emigrazio klandestinoa, pateraz edota kamioipean egiten dena.

Emigratzea gizakion oinarrizko eskubide bat da. Denok egin dugu noizbait. Pertsonek lekualdatzeko eskubidea dute, horretarako patera, itsasontzi bateko sotoa edota kamioi baten barrualdea erabiltzeko beharrik izan gabe.

Urte hasieratik, 200 inmigrantetik gora galdu dute bizitza Gibraltarreko itsasartean edo Kanariar irletara iristeko ahaleginetan.

Heriotza horiek, behin baino gehiagotan esan oi dugunez, ez dira istripu soil baten ondorio, inmigrazio politika jakin baten ondorio baizik. Gobernu espainolak, Europa Batuko estatuen gobernuekin batera inposatzen duen bisa politikaren ondorio zuzena dira.

Politika hori da  Afrika osoko herrialde guztiak espreski baztertzen dituena, Europaruntz legalki migratzeko aukera guztiak ukatuz, gizarte drama horren oinarrian dagoena. Politika hori dago, baita ere, emigranteak klandestinoki garraiatzeko osatzen diren sareen oinarrian.

Gibraltarreko itsasartean eta Kanariar irlen kostaldean hildako emigranteak, beraien herrietako egoeraren (migratzera bultzatzen duena) eta Europak mugak ixtearen aldeko politikaren biktimak dira. Pertsonak garraiatzen dituzten sareak behar dituzte erabili, bai Espainiako edo beste europar estatuetako kontsulatuak normaltasunez bidaiatzeko beharrezkoak diren bisak ukatzen dizkietelako. Eta ukapen horren erantzuleak Espainiako Gobernua eta Europa Batuko estatuetako gobernuak dira. Gobernu horiek ezin dute beraien erantzukizuna ezkutatu, ezin dute erantzukizun hori makilatu beraiek pertsonen trafikoaren aurka borrokatzen dutela esanez. 

Tarifa, Rota, Fuerteventura, Lanzarote, Gran Canaria, Larache edo Ceutako hondartzetan aurkitutako emigranteen gorpuek ez dute pisu politikorik, bigarren mailakoak bezalakoak dira. Ez dute inongo gai-zerrenda politikorik aldatzen, ez behintzat gobernuek Giza Eskubideen  errespetuari lehentasuna ematearen alde, espezifikoki jaioterritik irten eta beste leku batean bizitza hobearen bila finkatzeko eskubidea. Leku batetik irten eta bestera joateko beraien bizitza arriskuan jartzen duten pertsona horiek, nahiz eta beste horretan, gehienetan, irregulartasun luzeak eta paperen gabezia pairatu, zerbait sakonak, oinarri oinarrikoak, han eta hemen funtzionatzen ez duela islatzen dute.

Baina gu hemen gaude eta hemen azaltzen ditugu gure eskaerak.

Ezin da jarraitu ostrukaren politikarekin, ezikusiarena egiten, Gobernu espainolari drama honetan daukan bere berebiziko erantzukizuna eskatu gabe. Ezin zaie arazo guztiei errepresio gehiagorekin, kontrol gehiagorekin, zainketa polizial gehiagorekin, mugak ixtearekin, bisak eta bidai tituluen ukapenarekin erantzun.

Migrazio modernoek gure gizarteetan dauden ezberdintasun eta desoreka ekonomiko, sozial eta politikoekin zerikusia dute, gutxiengo baten onuran eta gehiengoaren kaltetan oinarritzen den sistema batek bultzatuta. Eta gertakari horri ezin zaio neurri polizialetan, mugen kontroletan edo atzerritarren legeetan oinarritzen den politika batekin erantzun. Sarrerak oztopatzeak, modu erregularrean finkatzeari trabak ipintzeak eta kanporaketak errazteak, hildako gehiago edukiko du ondorio.