
....Ligatzeko
hamar aginduak
Zer egin
behar dut gau goxo bat, edo bi, edo hiru.... edo hamaika pasatzeko? Egia esan,
batzuetan zaila baino zailagoa dirudi mutiletan edo nesketan egiteak. Hona hemen
Ligatzeko Hamar Aginduak.
Horra ligatzeko hamar aginduak...
1. Zaren
bezalakoa Izan
Edonor
izan daiteke Naomi Campbell edo George Clooney bezalakoa. Zergatik ez? Denok
dugu ezaugarri erakargarriren bat edo beste. Kontua da horri ahalik eta etekin
handiena ateratzea. Eta noski, ezaugarri hori agerian uzteko, garen bezalakoak
izatea baino ez dago. Humpry Bogart edo Marilyn Monroerena egiten ahaleginduz
gero, hanka sartu eta lotsagarri geratzeko arriskua izango duzu.
2. Janzkera
zaindu
Gurasoek
hamaika alditan esan dizute hau, baita lagunek ere, arrazoi ezberdinengatik ziur
asko: "eskalea ematen duzu", "ez duzu moda jarraitzen"...
Egia da janzkera zaindu behar dela, baina garrantzitsuena nork bere estiloa
izatea eta besteen janzkerak errepikatzen ez saiatzea da. Hori bai, jantzi edo
osagarri berezi edo deigarriren bat eramanez gero, errazagoa da jendearen arreta
bereganatzea. Eta ez ahaztu udan "haragi" pixka bat erakusteak
arrakasta izaten duela.
3. Argi ibili
zurrutarekin
Onena
gorputzetik ateratzen den sentimentu jarioari ateak zabalik uztea da. Hala ere,
jende askori, mutilei batez ere, kosta egiten zaie, eta lotsa edo beldurra
gainditzeko, batzuek alkoholaren laguntza bilatzen dute. Neurrian hartuta
lagungarri izan daitekeen arren, sekulako atxurra harrapatuz gero, ligatze saioa
hondatu dezake, bai egun horretan, baita gerora begira ere. Egia esan, ez da oso
erromantikoa mutil edo neska bati hurbiltzea eta euskaratik baino arameotik
gertuago dagoen esaldiren bat esatea: "nholaj tuuizhu izeññapp?".
4.
Begiradaren garrantzia
Begirada
ohi baino gehiago luzatzeak eta are gehiago, irribarre batekin laguntzeak,
aurrean duzun mutila edo neska gustukoa duzula esan nahi du normalean. Segidan
begirada laburtxoak egitea ere gauza bera. Kontuz ibili behar da, ordea, jende
askori ez baitzaio batere gustatzen besteek sagardotegiko txuletoia bailitzan
begiratzea.
5. Hurbil
zaitez, baina inor estutu gabe
Zenbaitek
gustuko neska edo mutila hormaren kontra jartzeko ohitura dute, ihes egiteko
asmoa izango balu bezala. Beraz, hurbiltzen garenean, poliki-poliki joan behar
da eta hizketan ari garela, tarte bat utzi bien artean. Ohiturak aldatu egiten
dira kultura batetik bestera, baina hala ere, psikologo batzuek diotenez, 60
zentimetroko tartea utzi behar da. Zertagik ez 50? Hori psikologoei galdetu
beharko diezu
6.
Elkarrizketari eutsi
Isiluneak,
asperraldiak, galarazita daude. Honetan bi arrisku daude. Batetik, hitza
norberarena dela sinestea eta solaskidea entzule hutsa bihurtzea. Protagonismoa
izatea ez dago gaizki, baina besteei ere berba egiten utzi behar zaie. Beste
muturra ere ez da batere ona, hau da, isilik geratzea, zer esan jakin gabe.
Aurretik, hizketarako gai batzuk pentsa daitezke, baina ezin da inola ere
elkarrizketaren uneri goxoenean gai zerrenda patrikatik atera!
7. Entzuten
ere jakin behar da
Batzuek
aurrez ondoegi prestatzen dute esan beharrekoa eta gogoko mutila edo neska
topatzen dutenean, bota egiten dute, solaskideak dioenari kasurik ere egin gabe.
Elkarrizketa benetan surrealistak gertatzen dira honelakoetan, ez hanka ez
bururik ez dutenak! Beraz, aurrez pentsatutakoa erabat ahaztu gabe, komenigarria
da noizean behin entzuten ari garela adieraztea: "arrazoi duzu",
"egia da", "ondo iruditzen zait"... Ikusten duzunez,
baiezkoa hobetsi behar da: lehendabiziko harremanean ezbaian hasiz gero...
8. Ez ezazu
ez ozenegi, ez baxuegi berba egin
Mutiletan
edo nesketan ari garenean, ez da San Mamesen edo ileapaindegian bezala hitz egin
behar. Film pornoetako izarren hizkera errepikatzea ere ez da oso gomendagarria.
Goxotasuna bilatu behar da. Zenbait ikerlarik diotenez, bat bateko keinuez
lagunduta eta tonu normal batean, ez ozenegi ez baxuegi, hitz egiten duten neska-mutilak
erakargarriagoak izaten dira jendearentzat.
9. Denoi
gustatzen zaizkigu laudorioak
Zertaz
hitz egin? Hauxe ez da kontu
erraza. Gustatzen zaigun neskak edo mutilak zein zaletasun dituen jakingo bagenu!
Beharbada, horren berri izan dezakezu bere lagun edo ezagunen bidez. Eta
koadrila guztietan dago lan hori pozez txoratzen egiten duenik! Dena den,
eztabaidak edo ezulertuak saihestu behar dira. Garrantzitsuena solaskideak
gustatzen zaigula atzematea da. Galderak egin behar dira: nor den, non bizi
den... eta nola duen izena, jakina. Eta gauza goxoak esan, baina pasa gabe; ez
da gozoegia izan behar. Begi politak dituela nabarmentzeaz gain, dioena ere
interesgarria dela esan diezaiokezu. Zu ez baitzara berarekin ederra delako
soilik maiteminduko, ala?
10. Hurrengo
zita lotu
Auskalo
nola amaituko den gaua. Dena den, beharbada hurrengo batean elkar ikusi nahiko
duzue. Horrexegatik, zita lotu behar da edo gutxienez, telefonoa eskatu. Eta
telefonoaren harira, mesedez, nesketan edo mutiletan egiteko bide luze honetan
ez ezazue une gozorik pikutara bidali sega-poto madarikatuekin! Itzal itzazue!
Galdera ederra. Dena dela, mutil edo
neska horren keinu edo jokaerei esker, gustukoa zaituen ala ez jakin dezakezu.
Ondokoak gertatuz gero, ziur asko zure atzetik dabil.
·
Begirada luzeak edo
begirada labur asko segidan.
·
Ezpainak
bustitzea.
·
Ilearekin
jolastea.
·
Begi ninia handitu
egiten da.
·
Giharrak gogortu
egiten dira.
·
Aurrez
aurre begiratzen du.
·
Biok
nahi gabe zenbait gauza batera egiten dituzue: hizketan batera hastea, mahaian
kolpetxoak jotzea...
Ander Usabiaga
![]()