..Drag Queens..

gaueko erreginak

Akabo euskaldunei buruzko betiko irudia! Euskaldunok jada ez gara arrantzale eta marinel saiatuak, baserritar gogorrak edo borrokalari ausartak. Euskal Herriak gaur egun drag quee eder eta lirainak ematen ditu. Badakizu, motel, koadrozko alkandora armairuan gode, plataformak jantzi, aurpegia makilatu eta atera mundura!

Ikerrek 23 urte ditu eta hondarribitarra da. Oskar ere adin berekoa da eta Irunen jaioa. Madrilgo eta Bartzelonako gau erreginak dira. Haien kortse estuek, plataforma altuek eta milaka koloretako makilajeak ehundaka lagunen begiradak erakartzen dituzte agüero. Drag queenak dira, eta ez nolanahikoak: Oskar bigarren geratu zen Espainako Miss Drag Queen lehiaketan eta Iker, hirugarren. A ze bikotea!

Lanbide honetan duela bost urte hasi ziren Donostian. “Go-go mutil gisa diskoteketan eta gay giroko tabernetan dantza egiten hasi ginen. Egun batean gona janzten duzu, hurrengoan plataformak eta honela bukatzen duzu. Hau barru barruan daramagu”, esan digu Ikerrek. Gaur egun Bartzelonan bizi dira eta Miranda Jatetxe ezagunean lan egiten dute. Bartzelonara joan baino leen, Donibane Lohitzunen, Miarritzen, Paben, Madrilen eta Bordelen izan dira.

Drag queenek ez dute zertan gay izanik, giro horretan erabat murgiduta egoten diren arren. Iker eta Oskar gay al dira? Ez digute: “nik katua, zakurra eta lagun asko eta asko ditut”, dio Ikerrek irribarre maltzur batekin.

Diskotekak eta tabernak, argiak, musika, dantza, jendeari adarra jo... Ogibide erraza dela pentsa dezake batek baino gehiagok. Dena dela, badu alde txarra. Oskarrek dioenez, “gauero lan egiten dugu, 22:00etatik 2:00etara. Eta janzteko makilatzeko beste bi ordu t´erdi pasa behar ditugu. Argazkien atzean malko ugari isuri ditugu : zure jaioterritik alde egitea, gurasoak uztea… ". Iker ados dago bere lankidearekin, baina lanbide honen beste ondorio txar bat nabarmendu nahi du : "oinetako mina".

Lan saio bakoitzeko 300 €a eskuratzen dituzte bien artean. Ondo ordainduta dagoela diote. Hala ere, arropa erosteko diru asko behar dute : "Kontutan hartu berrogeina jantzi eta bosna plataforma ditugula eta plataformek, eskuz egindakoak direnez, 600 € balio dutela ", dio Ikerrek.

Gorputz horiekin eta janzkera horrekin, badakite jendeak morboaz begiratzen diela. "Noski. Bestela, ez genituzke ikusleak hain pozik izango. Mutilen begiradetan berehala atzematen da. Eta bien bitartean, haien neska lagunak ondoan, isilik”, esan digu Oskarrek. Diskoteketan eta tabernetan liskarrak ohikoak izaten diren arren, ez dute inoiz arazo handirik izan. Ikerren esanetan, “batzuetan plataformetan ostikadak ematen eta gu lurrera botatzen saiatzen dira. Guk, ordea, honelako borrokak sahiesten ditugu. Mutilek musuak ematea nahi dugu, ez jipoitzea”. Jendeak asko maite omen ditu. Behin, Sarriegi plazan bizi zirenean, drag queen bezala jantzita atera ziren kalera eguerdi aldera, eta baserritarrek eta erosleek txalo zaparradaz hartu zituzten. Senitartekoek ere ez diete bidean harri koskorrik jarri. Alderantziz. "Gure familien babesa ezinbestekoa izan da. Amek jantzi asko egin dizkigute", dio Ikerrek.

Euskaldunaren itxurarekin apurtu dute. Ez dira mutikote musugorri koadrozko alkandoradunak. Neska panpoxak dira. Oso argi dute, hala ere, nongoak diren : "Hondarribiako arrantzale guztiak batera bezain euskaldunak gara eta gure herriaren izena edonora eramango dugu".